XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pizkundearen barnean, garai hartarako, bazen bestelako berririk ere Europako kulturaren ideologi mugimenduan.

Luterok Testamentu Berria alemanera itzulia argitaratzen du 1522an, eta Biblia osoa 1534an, aleman hizkuntzari batasun bidea eta literatura lantzeko gaitasuna emango ziona.

Erlijioa auzitan jarri zuen.

Eta 1545etik 1563ra bitartean izan zen Trentoko Kontzilioa, Etxepareren liburua argitaratu zen une berean hasia.

Luterok hasitako Erreformaren aurrean Kontrarreforma proposatzen du eliza katolikoak, horretarako Trenton kontzilioa bilduz.

Elizak bizi duen gatazka hori Europa osoak bizi du, garai haietan erlijio eta politika gaiak oso nahasirik baitzeuden.

Euskal Herrian ere nabarmenak izan ziren Erreformaren (Iparraldean, bederen) eta kontrarreformaren eraginak.

1530etik aurrera Behe-Nafarroa Albret-tarren esku gelditzen da (Joan II.a eta honen alaba Joana).

Politika eta erlijio gaiak hain loturik zebiltzan garai hartan, Gaztelako errege katolikoen eta Leringo kondearen aurka gerla egin zutenak, Kalbindar erreformaren inguruan bildu ziren.

Horrela, 1559an Joana Albret-ekoa, Nafarroako erregina, kalbindar bihurtu zen, erlijio katolikoa arbuiatuz.

Hortik aurrera, bere estatuetan (Biarno, Zuberoa, Behe-Nafarroa...) erreforma sartzen saiatu zen ahalegin guztiz.

Calvinoren ondoan eskolatuak izan zitezen, Ginebrara bidali zuen Biarnotik anitz jende.

Gainera, Orthez-en Unibertsitate antzerako bat sortu zuen.

Zuberotarrak bereganatu zituen erlijione berriak, batez ere zuberotar jauntxoak, Leringo kontearen aurka gerla egin zutenak.

Leizarraga, erreformaren bidetik

Pierre Lafittek dioenez Ipar Euskal Herriko jauregietan, apeztegietan eta burgesen etxetan ibilki, buruzagiak eta handi-mandiak nahi dituzte lehenik bildu, gero jende xeheak aiseago jarraikiren zaiotelakoan.

Horrela biltzen dituzte, bertzeak bertze (Zuberoako handiki batzuen izenak aipatzen dira), ... eta Jaun guzien buru, Agarramunt ahaltsua eta amorratua, Joana d'Albret erreginaren laguntzale kartsua

Etxeparek, urte gutxigatik bada ere, ez zuen erlijio gatazka hori Euskal Herrian ezagutu.

Leizarraga, zurrunbiloaren erdi-erdian dago.

Kalvindarren erreforma onartu eta erreginaren esanetara jartzen da, irakasbide berria zabaldu asmotan.

Lafitte berak ematen digu, hitzez-hitz, Pabeko sinodo kalbindarrak 1563an Leizarragari Lapurdira egin deia:

Lapurdin bizi den Leizarraga Jaunari mezutuko zaio hunat etor dadin, Testamentu Berriaren, otoitzen eta katiximaren eskuararat itzultzeko; eta, nahi badu bere burua osoki eman, bere eskualdean edo Baxenabarren minixtro izaitera prestatzeko.

Eliza-kontseilukoen gain izanen da haren mantenatzea; Erreginak nahi duen ber hura hunat etortzea

Joanes Leizarragaren lana

Baiezkoa eman eta lanean hasi zen Leizarraga.

Bi zailtasun handirekin egiten du topo berehalakoan:

- Ahozko ihardunetarako eta olerkirako prestatua zegoen hizkuntza, euskara, ez zegoen itzulpenak eskatzen dituen perpaus luzeetarako egokitua.

Areago Bibliak eskatzen duen erako itzulpen zehatz eta leialerako.

Prosak eskatzen duen erritmo horretarako euskara egokitzea ez zen txantxetako lana.

Hiztegian eta joskeran nabariak diren latinismoak barne, lan handia eta ona burutu zuen.

Zenbait kritikoren ustez, bera da lehen euskal klasikoa eta Erreformak gure Herrian arrakastarik izan balu, Leizarragak emandako urratsetatik abiatuko zatekeen euskal literatura eta euskara batua.